martes, 13 de enero de 2009

INDARKERIA ZERGATIK?


INDARKERIA ZERGATIK?

Agresibitatea gizakiaren berezko sena da eta badirudi indarkeria dela (psikologikoa edo fisikoa) nahi duguna lortzeko biderik azkarrena. Inor konbentzitzea zaila da, abilezia dialektikoak eskatzen ditu eta gazteen artean ez dira oso ugariak trebezia horiek. Edozein modutan ere, edozeinek izan dezake erreakzio primitiboren bat, agresibitatezkoa, bere eremua defendatzeko. Eta behin eta berriz errepikatzen direnean, portaera bihurtzen dira erreakzio horiek. Gizakia da indarkeriaren kultura bat eratu duen animalia bakarra eta aurkaria suntsitzeko bitartekoak gero eta espezifiko eta konplexuagoak dira. Horrela, bada, haur eta gazteak indarkeriazko mundu batean jaio eta hazten dira. Eta ez gara gerra eta eraso fisikoez bakarrik ari. Haurrengan gehien sartzen den indarkeria mota bizitza estilo bat da (familia, eskola eta kalea "bustitzen" dituena) eta kontrola eta segurtasuna bihurtzen da balore gorena. Norberaren defentsa eta nork bere eremua defendatzeko arantzazko hesiak jartzea dira horren lekuko. Indarkeriazko jarrerak, azken batean, oso ondo errotzen dira gizarte lehiakor honetan, irtenbide indibidualak aldarrikatu eta pertsonen dimentsio soziala bultzatzea ahaztu egiten baita. Horrela, bada, hipokrita ere bada geuk sortu dugun gizartearen fruitu den zenbait haurrekin izutzea. Ikuspegi soziologiko batetik, beraz, guztion interesaren aurretik norberekoikeria jartzearen ondorio gisa interpreta daitezke haur eta gazteen indarkeriazko jokaerak. Baina, ikuspegi psikologiko batetik, jokaera horiek gertatzen diren une soziala baino urrutiago dute azalpena, gizakiaren erroetaraino jota. Gehienetan, lagun talde batekin eta bat-batean egiten dira bihurrikeriak. Araua urratzen duena garrantzitsu sentitzen da eta lagunek miretsi egiten dutela ikusten du. Eta ekintza bera estimulagarria da: haurrak edo gazteak badaki gurasoek ez dutela bere jokaera ontzat emango, baina horrek emozio pittin bat erantsi baino ez dio egiten. Lagunen onarpena da garrantzitsuena; horixe da saria eta merezi du zigorraren arriskua. Bandalismo eta indarkeria kasu arinak haur eta gazteen garapen normala osatzen dute eta independente, bihurri eta bere lagunen taldeko kide sentitzeko beharretik datoz. Uler dezagun: ekintza horiek eragiten dituzten sentimenduak unibertsalak dira. Gizabanako gisa identifikatzea eta talde bateko kide gisa sendotzea bilatzen dute haurrek. Beste kasu batzuetan, mendekua hartu nahi izaten dute bidegabe jotzen dituzten ekintzen aurrean; ekintza horiek agintaritzagandik datoz: guraso, irakasle, polizia eta abarrengandik. Umearentzat egoerarik bidegabeena "ikusezin" sentiarazten duena da; kontuan hartu ez edo lorpenak aitortzen ez zaizkiela sentitzea. Gutxi balio dutela sentiarazten zaien giroan hazitako haur asko taldeak eskatzen dien edozer egiteko gai dira (familian tolerantzia handiegia dutelako). Taldearen onarpena izateko beharrak portaera antisoziala izatera bultza dezake, nerabezaroan batez ere: orientaziorik ezaren erdian, taldeko kide sentitzea da garrantzitsuena (eta, batzuetan, horixe besterik ez da aukeratzen).

No hay comentarios:

Publicar un comentario